
Gero eta ekimen gehiagok frogatzen dute, zenbait leku eta testuingurutan, enpresak tresna erabilgarria izan daitezkeela gizarte bazterketari aurre egiteko. Gainera, pertsonen eta inguruaren zerbitzuan dagoen balio ekonomiko eta soziala eskaintzen dute. Horiek dira Enpresa Solidarioak: merkataritzako figura duten erakundeak eta jarduera ekonomikoa beste enpresa batzuen antzera garatzen duten enpresak, beti ere lehen aipatutako printzipioetatik abiatuta.
Esparru horren barruan, Gizarteratze eta Laneratze Enpresen sektorea nabarmendu behar da. Sektore horrek gero eta onarpen sozial eta legal handiagoa dauka zenbait autonomia erkidegotan eta Europako herrialde ugaritan.
Euskadiren kasuan, 2001etik daude aintzat hartuta, orduan sortu baitzen Eusko Jaurlaritzaren Gizarteratzeko eta Laneratzeko Enpresen Erregistroa; era berean, 2002an, enpresa horiek sortu eta mantentzeko laguntza-programa jarri zen abian (1).
Erregulazio horren arabera, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Enpresak honela definitzen dira: "desabantaila sozialean edo bazterketa egoeran dauden kolektiboak laneratzeko helburua duten ondare edo zerbitzuen egitura produktiboak. Laneratze proiektu pertsonala garatzen dute, ikasketa egokiko prozesu baten bidez. Prozesu horri esker, gaitasun sozialak, lan arlokoak, oinarrizko trebakuntza, lanerako gaitasuna eta merkatuaren ezagutzak lortu behar dira, lanean hasteko dituzten baldintzak hobetzeko".
Edozein merkataritza-jarduerak dituen baldintzez gain, beste baldintza hauek bete behar dituzte:
Azken batean, enpresa hauek ezaugarri batengatik dira desberdinak: aukera ematen dute zailtasun bereziak dituzten kolektiboak enplegu normalizatura sar daitezen, laguntzako denbora-tarte baten ostean eta lanpostu bat betez. Hori da bere balio erantsia, eta, gainera, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen ditu beharrezko giza baliabide eta baliabide teknikoekin.
Enpresa horien jatorria gizarteratzearen aldeko politiketan oinarritzen da, bai eta "arlo ekonomikoko gizarteratzea eta laneratzea" bilatzen duten esku-hartze sozialeko erakundeen ekimenetan ere. Azken urteotan, azken ekimen horren eraginkortasuna agerian geratu da, zailtasun bereziak dituzten pertsona eta kolektiboak lan merkatuan sartzeko unean.
Beste alde batetik, enpresa horiek laguntza garrantzitsu eta beharrezkoak jasotzen badituzte ere, zenbait ikerketaren arabera, sortutako fluxu ekonomikoek (merkataritza-jardueragatiko diru-sarrerak eta jarduera beragatiko zergak) eta gizarteratze eta laneratze prozesuan dagoen pertsona langile bakoitzeko aurrezki publikoak (kostu sozial txikiagoa zerbitzu eta errenta pasiboetan) zenbait etekin sortzen dituzte, eta, ondorioz, argi geratzen da horrek errentagarritasun ekonomiko eta soziala dakarrela.
Ondorioz, enpresa horien garapena eta hazkundea babestea inklusio aktibo eta positiboko politika bat babestea da. Politika horrek, gainera, hobekuntza nabarmenak dakartza pertsonentzat eta, oro har, gizartearentzat. Hori dela eta, zerbitzuen komertzializazioa sustatzearen alde egiten dugu, merkatu publiko eta pribatuaren aukerak handituz, sektore honen bideragarritasuna eta hazkundea bermatzeko.
Hori da Katalogo honen helburua. Bertan, 60 enpresa solidariori buruzko informazioa aurki daiteke. Horietatik, 45 enpresa gizarteratze eta laneratzekoak dira, eta beste 2 mota horietakotzat hartuak izateko bidean daude. Guztira, 600 enplegu zuzen baino gehiago sortzen dituzte: horietatik, 400 inguru gizarteratze eta laneratze enpresetan sortzen dira. Horietan, 250 pertsona inguru gizarteratze eta laneratze hitzarmenak dituzten langileak dira.
Zerbitzuak ematen dituzten enpresak aurki daitezke zenbait sektoretan: ingurumenean, garbiketa eta artapenean, eraikuntzako gremioetan, gizarte-zerbitzu eta hurbiltasunezkoetan, ostalaritzan, teknologia berrietan, mezularitzan, aisialdi eta kulturan, arte grafikoetan, merkataritzan, ehungintzan? Enpresa eta jarduera ugari dira, eta espero dezagun interesgarriak izango direla erakunde publikoentzat, gizarte-erakundeentzat, erakunde pribatuentzat eta, oro har, populazio osoarentzat. Beraz, gizarteratze eta laneratze enpresak eta enpresa solidarioak kontratatuz, gizarte-erantzukizunaren irizpideak hedatzen lagundu nahi duten pertsona guztientzako egindako katalogoa da.
--------------------------
(1) Abenduaren 26ko 305/2000 Dekretua, gizarteratzeko eta
laneratzeko enpresen kalifikazioa arautu, enpresotan sartzeko prozedura
ezarri, eta gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen erregistroa
sortzeari buruzkoa; Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren
2002ko abenduaren 11ko Agindua, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak
sortu eta mantentzeko laguntzak arautzeari buruzkoa. Horri buruzko
informazio guztia Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte
Segurantza Sailaren Gizarteratze Zuzendaritzan kontsulta daiteke:
www.juslan.ejgv.euskadi.net.
(2) Gizarte Bazterketaren kontrako 12/1998 Legearen eta Gizarteratze eta Laneratze Hitzarmenak arautzen dituen urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuaren arabera.